Migrazioak etengabeko fenomenoa izan dira gizateriaren historian eta funtsezko papera izan dute hirien eraketan eta garapenean. A priori oso hurbilketa berritzailea ez dela dirudien arren, gaur egun gai gutxi daude migrazioen gaia baino garrantzitsuagoak direnak, arazo politiko, geo-estrategiko, ekonomiko, ingurumeneko, sozial eta urbanistikoez zeharkatutako gaia izaki. Azpimarratu beharra dago, gainera, egiturazko faktore berriek inoiz baino indar handiagoz bultzatzen dituztela migrazio horiek. Ekialde Ertaineko, Afrikako eta Latinoamerikako ezegonkortasunak, Ukrainako gerrak, klima-aldaketak, pobreziak eta hazkunde demografikoak, ez dute handitu besterik egiten munduan leku hobeago bat bilatzen duten pertsonen lekualdaketa.
Beren herrialdeko asaldura politikotik ihesi dabiltzan etorkinen eta gure herrian bizimodu hobea bilatzen duten etorkin ekonomikoen migrazio-moduei beste migrazio-modu berri bat erantsi die Saskia Sassen soziologoak. “Errefuxiatu ekonomiko” gisa izendatu ditu “habitat galera masiboa” deitzen duen egoeratik ihesi dabiltzan pertsonak. Galera hori planetan kontsumitzen dugun haragi kopuru itzela elikatzeko zerealen hazkuntzarako lurren metatze korporatiboaren gisako jarduera ekonomikoek eragindakoa da; edo gure iraultza elektronikorako behar ditugun metalak lortzeko meatzaritzaren susperraldiak sortutakoa. Basamortutzea edo desertifikazioa eragiten duten jarduerak dira, lurraren eta uraren kutsadura, lehorteak eta itsasoaren mailaren igoera eragin duten jarduerak. Euren bizitokia jada bizigarria edo habitagarria ez delako edo desagertu egin delako euren etxera itzultzeko aukerarik sekula izango ez duten milioika pertsonaren habitata suntsitzen ari diren faktoreak dira horiek guztiak.
Horrela beraz, Sassenentzat migrazioa ez da ustekabean sortzen den ausazko gertakari aleatorio bat. “Migrazioak egin egiten dira, ez dira kasualitatez gertatzen, sorrarazi egiten dituzten baldintzak daude”, eta baldintza horietako asko gaur egungo bizimoduari edo bizitzeko estiloari eustea ahalbidetzen digun kapitalismoaren ondorio gisa sortzen dira. Horrela beraz, gutako bakoitzak migrazioak berekin lotuta dakartzan erronkekin konpromisoa hartzeko erantzukizuna daukagula esan daiteke. Horretarako, agerikoa da pertsona migranteengana hurbiltzeko daukagun moduarekiko paradigma-aldaketa baten premiazko beharra, ez arazo gisa edo laguntzaren zain dauden biktima pasibo gisa ikusiz, baizik eta gizarteari ekarpena egiteko moduko esperientziak, ezagutzak eta ikuspegi baliotsuak dituzten pertsona gisa ikusiz.
Testuinguru honetan, gizateriaren historiako mugikortasun-maila handienak ditugun garai honetan, hiriak dira milioika pertsonak euren bizitza eta etorkizuna eraikitzeko bilatzen duten lekua. Gizarte-etxebizitzak, hezkuntza, osasun-zerbitzuak, garraio-azpiegiturak eta gizarteratzea eta kohesioa eskaintzeko migrazio-erronkari aurre gin behar dioten hiriak. Horregatik beharrezkoa da hiri-plangintzako politika eta praktikak inklusiboak izatea eta pertsona migratzaileen behar eta ekarpenak kontuan hartzea. Horrek guztiak espazio-aukera berriak sorraraz ditzake eta gure hiriak sortzen ditugun modua aberastu ere egin dezake, logika konbentzionaletatik kanpoko alternatibekin.
Potentzial hau guztiz garatzeko, plangintza-prozesuari migrazioa gehitu behar zaio, hiriaren hazkuntza ekonomiko, sozial eta kulturalean lagunduko duen faktore gisa. Modu honetan, hiriek etorkizunean zer izan behar duten eta elkarrekin nola bizi nahi dugun birpentsatzea ahalbidetzen digu migrazioaren gaiak. Egoera honetan, arkitekturak eta hirigintzak zeregin erabakigarria bete behar dute, giza biztantzea bere forma eta eskala guztietan –etxetik hiriraino– aztertzen duten diziplina gisa, erronka teknikoa izateaz gain humanistikoa ere baden erronkari aurre egiteko.
Leku honetatik proposatzen dugu URBANBATfest jaialdiaren edizio berri bat. Partaidetzarako leku ireki bat, migrazio-dinamikak eta hiri-eraldaketen arteko harremana elkarrekin esploratzeko gune bat, hainbat gai jorratzea helburu izanik: dimentsio sozio-espazialak eta arkitekturaren, hirigintzaren, gizarte-zientzien eta praktika artistiko eta kulturalen arteko gainjarritako gurutzaketatik imajina ditzakegun erantzun motak.